Defizit publikoa murrizteko Espainiako Gobernuak sustatutako Lege Dekretua onartu zuen joan den osteguneko osoko bilkuran Getxoko Udalbatzak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta PP eta Alternatibaren abstentzioarekin. Horrek, jakina denez, funtzionarioen eta gainontzeko udal langileen soldata murrizketa aurreikusten du. Sindikatuetako ordezkariak oraindik ere dekretuaren eta soldata murrizketaren aurka dauden arren, Getxoko Gobernu Taldearekin adostu dute Espainiako Gobernuaren dekretuaren arabera "halabeharrez betebeharreko neurriak aplikatzea", udal iturriek zabaldu dutenez. Hitzartutakoaren arabera ere pasa den hilean Imanol Landa alkateak izenpetutakoa bertan behera geratu da. Gauzak horrela, udal langileei ez diete ordaintzen zaizkien “espezieak” (Gabonetako otzara, aparteko orduen sariak eta Osakidetzaren estaldura ez duten ortodontzia, okulista... gastuak ordaintzeko laguntza) kenduko. Argazkian, dekretuaren aurka lanuzteak, protestak, udaletxean itxialdiak... egin dituzte beharginek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!