Udal agintarien arabera, neurri horiek guztiek “eragin zuzena” izango dute herriko ekonomia aktibitatean. Gaur egun, Barrikako jarduera ekonomikoaren %56,81 zerbitzu sektorean kokatzen da, eta tokiko enpresen %76,53 dihardu horretan, udal arduradunek emandako datuen arabera. Bestalde, populazioaren %87,36ak herritik kanpo egiten du lan. "Gaur egungo egoera aztertu ostean, azken helburua zein den zehaztu eta plangintza egokia garatu beharra dago, Barrika turismo produktu moduan definitzeko", agintari barrikoztarrek azaldu dutenez. Turismo bideragarritasunaren eta baliabideen ikusgarritasunaren azterketa egiteko, herrian dauden enpresen datuak bilduko ditu Udalak, inkesta baten bitartez. Horrenbestez, parte-hartze prozesu irekia jarri dute martxan, aktore desberdinen ikuspuntu guztiak eta ekarpenak biltzeko.
Kultur eta natura baliabideak
Barrika aztarna arkeologikoez beteta dago. Arkitektura interesa duten eraikinek, ibilbideek eta paisaiek duten nekazaritza eta abeltzain kutsuek osatzen dute tokiko kultura. Aztarna arkeologikoak Zabaletxe eta Kurtzio aztarnategian daude. Arkitekturaren aldetik, interesa pizten duten eraikinak asko dira: XI. mendeko Andra Mari eliza, estilo neoklasikoko udaletxea, 1914an altxatutako erresidentzia, alondegia, Txarta oinetxea, Barrikako kondeen etxea, eta azkenik, ondoko baserriak: Gane Erdiko (XVI. mendea), Torretxe (XV), Garramuñe (XVIII), Erdiko-Etxe, Ostikoetxe eta Etxetxu (XIX). Ibilbideei dagokienez, GR-123 eta GR-280 dira garrantzitsuenak. Herriko natura baliabideak anitzak dira habitat dibertsitate ugari eskaintzen baititu: hondartzak (Meñakoz, Barrika eta Muriola), Txipioko padurak, itsaslabarrak, Marearteko urradura plataformak, dunak eta interes geologikoa duten kostako tolesdurak, besteak beste.