Getxoko Udaleko Ingurumen Sailak kanpaina informatibo berria abiatu du animaliak eduki eta babesteko ordenantzan egindako aldaketa nagusiak ezagutarazteko asmoz. Etxez etxe banatutako triptikoetan aisi-guneen berri ematen dute; baita txakurren jabeei helarazitako liburuxketan ere. Aisi-guneetan, txakurrak, aske ibili ahal izango dira, uhalik gabe, balizko arriskua dakarten abereak salbu. Edozelan ere, aipatu tokietan, jabeek txakurrak jagon beharko dituzte, kalterik eta arazorik eragin ez dezaten. Halaber, gorotzak ere batu beharko dituzte. Udalak hainbat leku finkatu ditu, urte-sasoiaren araberako ordutegietan erabiltzekoak: Txurrukako Moila, Areetako hondartza, Algortako Portu Zaharreko zabalgunea, Arrigunaga hondartza, Gobela ibai ondoko pasealekua, Makaletako Etorbidea eta Galeako paseoa. Txakurrak aske ibili ahal izango dira urritik apirilera bitartean, 21:00etatik hurrengo eguneko 8:00ak arte. Uda garaian, berriz, maiatzetik irailera arte, 22:30etik hurrengo eguneko 8:00ak arte; Areeta eta Arrigunaga hondartzetan ezik, higiene eta osasun neurriak direla-eta. Argazkian, hainbat txakur hondartzan jolasten / © Sopelako Txakurren Lagunak.