Eusko Jaurlaritzaren
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren irisgarritasun zigilua jaso du Sopelako Turismo Bulegoak. Irisgarritasun Programaren bitartez, aipatu establezimenduak edonor modu egoki batean orientatzeko egokitzen dituzte, dibertsitate funtzionalaren araberako bost alderdi kontuan hartuta: fisikoa, bisuala, entzumenekoa, intelektuala eta organikoa. Azken hori, arnas-zailtasunak zein berariazko dietak behar dituzten pertsonei begira. Naiara Ibarzabal zinegotziak jaso zuen zigilua azaroaren 12an, Pilar Zorrilla Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismo sailburuordearen eta Isabel Muela Turismo zuzendariaren eskutik. "Ekimena irisgarritasun premiak dituzten pertsonei kalitatezko turismo-zerbitzu seguru eta erosoa emateko sortu zen", tokiko iturriek aipatu dutenez. Argazkian, zigilua jasotako unearen talde argazkia / © Sopelako Udala.