Era berean, Saioa Zubiaur gazte independentistaren Bilboko etxean egindako miaketan "Sopela eta Larrabasterrako jaietako bi plastiko edalontzi, berde eta gorri koloretakoak, ETA Banda Terroristaren presoak batzearen aldeko 'Euskal Presoak Euskal Herrira' ikurra dutenak" topatu izana aipagarria iruditu zitzaion Marlaskari.
Uribe Kostako gazte martxari dagokionez, berau Segik antolatutako uda kanpainaren ekimen bat izango litzateke, beti ere Grande-Marlaskaren teorien arabera. Bere ustez, Gazte Independentistek aurkeztu eta burutu izan arren, Segi gazte erakunde ilegalizatuak antolatu zituen pasa den udan izandako zazpi gazte martxa eta gazte egun bat, tartean Uribe Kostako martxa.
Imanol Beristainen abokatua
Bestalde, aipatu autoan Imanol Beristain itzubaltzetarra Segiren Ipar Uribeko arduraduna zeneko bere susmoa berretsi zuen Marlaskak, Xabi de la Maza gazte gorliztarrari iaz egin zion akusazio berbera errepikatuz. Biak ala biak espetxean daude egun, lehenengoa Madrilen, Alcala de Henaresen, eta bigarrena Foncalent-en, Alacanten. Gainera, gazte mugimenduko kideek bai iaz eta bai aurten harriduraz hartu dituzte horrelako akusazioak, beste arlo batzuetan Mungialdea, Txorierri eta Uribe Kosta batzen dituen Ipar Uribe makroeskualdea aspaldidanik ez delako gazte antolakuntzan erabiltzen. Era berean, Beristainen adina, 28 urte, ez da ohikoa gazte mugimenduan.
Azkenik, Haritz Eskudero, Imanol Beristain preso itzubaltzetarraren abokatuari Beristainen eta beste bezeroren datuak Larrun Abokatuak bulegoan aurkitu izana baliagarria izan zitzaion Marlaskari. Aipatu agiriak nahikoa izan ziren honakoa sinatzeko: "Segin segurtasun hitzaldiak ematen ditu. Ez da abokatuaren funtzioak betetzera mugatzen baizik eta Segi egitura terrorista ezin hobeki ezagutu eta bere kideekin batzen da eta hainbat jardun ildo ematen die. Era berean, erabili behar dituzten segurtasun neurriak eta atxilotuak izan ezkero, ekimen judizial berriak ekiditeko bota behar duten informazioa ematen die".
Autoa "ABC"-n
Pasa diren hilaren 15 eta 16an, gazte mugimenduaren aurka orain arte egindako azken sarekadan sei militante eta bi abokatu atxilotu zituen Espainiako Polizia Nazionalak, Segiko zuzendaritza berriko partaideak izatea leporatuta. Fernando Grande-Marlaskak gidatutako operazio hartan, besteak beste, Haritz Eskudero, Imanol Beristain preso itzubaltzetarraren abokatua harrapatu zuten, Lanzaroten oporretan zegoela. Bost egun polizien esku eta inkomunikatuta igaro ostean, sei gazteek torturak salatu zituzten. Grande-Marlaskak berdin-berdin bidali zituen espetxera. Abokatuak, berriz, aske utzi zituen Haizea Ziluagaren eta Haritz Eskuderoren senideek 10.000 eta 8.000 euroko fidantzak ordaindu ostean. "ABC" egunkari espainolak Grande-Marlaskaren autoa jaso zuen bere osotasunean, 84 orritan.
Autoa osorik:
Open publication - Free publishing