Imanol Landa Getxoko alkateak abenduaren 17ko inaugurazio ekitaldian bertan aipatu zuenez, "ekimen berri honek helburu hirukoitza du: kiroldegiko erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eskaintzea; lana topatzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako kalitatezko enplegua sortzea; eta Getxon estrategikoak diren sektore hauetan profesionalak trebatzea”. Interes sozial handia duen proiektua omen da, "irabazi asmorik gabekoa", gaineratu zuenez. Hain zuzen ere, sektore horietan eskarmentu handia daukaten eta pertsonak laneratzen diharduten bi enpresek gestionatzen dute. Datozen sei urteetan 26 lagun kontratatuko dituzte bertan lan egiteko, udal iturrien arabera.
Fadura Ostalaritza
Tabernan gosari bereziak, askotariko pintxoak, ogitartekoak, entsaladak eta modu arin eta osasungarrian jan nahi duten pertsonentzat ere menuko plater solteak eskaintzen dituzte. Jatetxeak, bestalde, 80 lagunentzako lekua du eta, bertan, astelehenetik ostiralera, eguneko menuak zerbitzatuko dituzte, osasungarriak eta kirolarientzat diren jatekoak ere aukeran emango dituztela. Asteburuetan, aldez aurretik eskatuz gero, hitzartutako menuak dastatu eta otorduak ospatu ahal izango dira. Udaldiko hilabeteetan, zerbitzu horrek Fadura barruko taberna ere gestionatuko du, baina horretara kiroldegiko igerilekua erabiltzen duten pertsonak sartu ahal izango dira soilik. Halaber, Fadura Ostalaritzak prestakuntza-ikastaroak egingo ditu, udalerriko langabetuentzat eta enpresa sektoreko profesionalentzat.
Txikigunea
Beste zerbitzu batzuen artean, 3 eta 12 urte bitarteko umeak zaintzen dituzte orduka. Arratsaldetan, berriz, kultur eta aisialdi ekintzak antolatzeko asmoa dute; baita zerbitzu bereziak ere, oporraldietan, neska-mutikoak goiz zein arratsaldetan zaintzeko. Horrekin batera, urtebetetzeak egiteko aukera ere badago.