Imanol Landa alkateak udalerrian bultzatzen ari diren "modernizatze prozesuaren barruan" kokatu ditu Bolue 1 eta 2 futbol zelaietako berrikuntza lanak. "Kirol instalazioak ere sartzen dira horretan", gaineratu duenez. Horien artean, Algortako Fadura udal kiroldegia berriztatzeko 8 milioi euro gastatuko dituzte. “Azken finean, kirol ekipamenduekin ere XXI. mendera jauzi egitea nahi dugu, baita kirola egiteko herritarrek behar dutenari erantzuna ematea ere. Bide horretan, Udalaz gaindiko erakundeen laguntza bilatu eta aurkituko dugu: Aldundiarena, Eusko Jaurlaritzarena, dagokion Ministerioarena zein Europako Batasunarena”, zehaztu du alkateak.
Gainontzeko lanak
Markesina berriak ipintzearekin batera, belar artifiziala kendu eta berria jarri dute. Halaber, belarraren azpian dagoen sendogarri elastikoa, zelaia bigunagoa egin eta lesio arriskua gutxitzen duen mantu pneumatikoa, konpontzeko ere baliatu dituzte lanak. Horrekin batera, zelaiak inguratzen zituzten hormigoizko hesiak beira-zuntzezkoengatik ordezkatu dituzte. Azkenik, zelaietan argi gehiago jarri eta drainatze eta ureztatze sistemak hobetu dituzte.