Horrela, gaur egun orube itsusi eta sastrakaz betea bada ere (inguruko lanetan pilatutako isurketetarako erabiltzen da), "laster urduliztarren aisialdirako eta gozamenerako espazio zoragarria egingo da". "Birika bat, herriaren erdi-erdian", azaldu dute. Urdulizko Udalak "Ibilbide ekologiko" bat planteatu du lorategi botanikoan barrena, bi metroko zabalerakoa eta hartxintxarrez egindako zoladura izango duena. Erdiko tarteak espiral era izango du eta, tarteka, bigarren mailako bideak agertuko dira, parkean zehar hainbat ibilbide egin ahal izateko. Ibilbide nagusian, zuhaitz ilarak landatuko dituzte eta, zuhaitz bakoitzaren ondoan, mota bakoitza zein den jakiteko informazio plakak jarriko dituzte.
Kultur etxetik hurbilen dagoen partzelako gunean gimnasiarako tresnak kokatuko dituzte. Hirugarren adinekoentzako kirol praktika osasungarrirako daude pentsatuta, beso, aldaka edo hankak landu ahal izateko. Lorategi botanikoarekin eta gimnasioarekin batera, estetika abangoardistako zenbait hiri-altzari ere jarriko dituzte. Hori horrela, argiak sinpleak eta estilizatuak izango dira, baina "led" erako azken belaunaldiko argiztapen sistema bati esker, elektrizitate kontsumoa neurri handi batean murriztuko dute. Hirigintza-lanak kultur etxearen ondoan osatuko dira, "Zazpiak bat" eskulturaren lorategian. Udalaren asmoa da inguruko zentroetara joateko dauden ibilbideak erabiltzea, plaza baten erdialdea okupatuko duen izar handi bat sortzeko, plaza hori sareta batez estaliz. Elkarguneetan arrosadiak egongo dira, kolorea emateko. Azkenik, haur eskolaren ondoan, umeen jolasgunea egongo da, zabu eta txirristekin.
Haur eskola otsailean zabalik
Lanak bukatuta, otsailaren 1etik aurrera 3 urtetik beherako haurrak hartuko ditu Urdulizko haur eskola berriak. Obrek 1,9 milioi euroko inbertsioa suposatu dute eta egikaritzapen-epea urtebetekoa izan da. Zentroa Arteta kalean kokatuta dago, egungo kultur etxearen eta etorkizuneko osasun zentroaren ondoan. Eraikinak "diseinu abangoardista du, paisaiarekin bat eginez", udal agintarien arabera. Orotara, 543 metro koadroko azalera du: horietatik, 215 metro koadro haur eskolak dituen sei ikasgeletarako erabili dira. Hain zuzen ere, adin-tarte bakoitzak (0-1 urte, 1-2 urte eta 2-3 urte) bi ikasgela izango ditu. Era berean, aldagela, ikasgelak banatzen dituen galeria bat, bilera aretoak, erabilera askotarako aretoa, zuzendariaren bulegoa eta zerbitzu-gunea dauzka. Eraikinarekin batera, egurrez, kautxuzko aglomeratuz eta zenbait material naturalez zolatutako jolastokia instalatu dute.