Arrakasta handia izaten ari da Algortako izotz pista

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 29a, 21:20

Getxolandia zabaldu zutenetik, arrakasta handia izan du Algortako Biotz Alai plazan jarritako izotz gaineko patinaje pistak. Urtea bukatzeko bi egun falta direla, adin guztietako 3.500 lagunek baino gehiagok erabili dute jada, Getxoko Kultur Etxeak adierazi duenez. Getxolandiaren aurtengo nobedade nagusienetako bat da izotz-pista, 600 metro koadroko azalera duena. Horretaz baliatuta, antolatzaileek parkearen eskaintza zabaldu nahi izan diete adin guztietako erabiltzaileei. 45 minutuko patinaje-saioak 3,50 euro balio du eta prezioak ekipamendu guztia barne hartzen du. Ohi denez, atrakzioen gunea ere badago, Areetako Xake plazan. Bertan, 2.500 metro koadroko karpa kokatu dute; eguraldia lagun izan ez arren, parkearen funtzionamendu egokia bermatzeko. Aurten 2 eta 16 urte arteko neska-mutikoek honako atrakzio hauetaz gozatzeko aukera dute: zaldiko-maldikoak, ohe elastikoak, dragoia, karrusela eta auto-txokeak, besteak beste. Argazkia: © Getxoko Kultur Etxea.

Halaber, 8 eta 16 urte arteko erabiltzaileak erakartzeko asmoz, aurten bederatzi simulagailu jarri dituzte Areetan. Horietan, hainbat kirol egin dezakete gazteek, esaterako, moto-krosa, piraguismoa, snowboard-a, txirrindularitza, surfa, ur-motoziklismoa, delta hegala eta golf-a. Atrakzio eta simulagailuen sarrera 3,50 eurokoa da eta txartel bakoitzak 6 bidaia egiteko balio du.

Egutegi eta ordutegia

Areetako atrakzio-gunea urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik. Horren ordutegia ondokoa da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik, horietan ordubete lehenago itxiko baitute arratsaldez. Urtarrilaren 1ean itxita egongo da. Izotz-pistari dagokionez, urtarrilaren 9ra arte egongo da zabalik. Atrakzio-gunearen ordutegi bera izango du eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun