Aipatu diru laguntzak ematerakoan "kalitate teknikoa" eta proiektuak azken helburuarekin koherenteak izatea kontuan hartzen dute. Izan ere, "diru-laguntza hauek aukeratutako herrialde txiro hauetako emakume eta gizonei on gehien egiten dioten proiektuetara bideratzea" da tokiko erakundearen xedea. Udalak adierazi duenez, "aukeratutako proiektu horiek genero berdintasuna, parte-hartzea eta antolakuntza, errespetua eta giza eskubideen promozioa zein ingurumen jasangarritasuna bermatzen dituzte". Emakumeen jabekuntza bermatzen dituzten egitasmoak baloratu dituzte batez ere.
Txile eta Haiti
Horretaz gain, urtean zehar beste bi herrialdeei ere laguntza eman diete, partida horretatik. Leioako Udalak Txile eta Haitira bidali du dirua, horietan bizi izandako egoera latzengatik, berehalako laguntza behar zutela. Haitira 6.000 euroko laguntza zuzendu zuen tokiko erakundeak; Txilera, berriz, 2.360 euro. Azken horren aldeko kontzertuan ateratako dirua gehituta, 6.000 euro jaso zituzten txiletarrek. Diru-laguntza horiek guztiak kontuan hartuta, 170.000 euro banatu dituzte; erreserban dagoen 34.838,74 euroekin batera, Udaleko aurrekontuaren %0,7a. Azken kopuru hori ustekabeko hondamendietara, sentsibilizazio kanpainetara eta Saharako karabanara bideratuko dute.