Pedro Bilbao Encera 1909ko urriaren 9an jaio zen Algortako Portu Zaharrean. Familia xume bateko zortzi anai-arrebetatik gazteena zen. Bere adore, adimen, humanismo eta bizitza osoan erakutsi zuen lan egiteko gaitasunari esker, errespetu eta estimuan toki gorenetara iritsi zen. Bizipen latzak izan zituen, halere, irmotasunez eutsi zion bere jarrera baikor eta bizitzeko gogoari. Ikasteko eta irakurtzeko zaletasuna oso gaztetatik biztu zitzaion eta eskolan lortutako emaitzek laster erakutsi zuten bere adimenaren distira. Beka batzuen diru-laguntzari esker medikuntza ikasketak egin zituen, eta ogibide horretan eman zuen bizitza osoa. Zenbait hizkuntzatan berba egiten zuenez, eta jakiteko gogo handia zuenez, nazioarteko ospe handiko medikuekin hartu-emanak izan zituen eta garaiko aurrerapen zientifiko nagusienak biltzen zituzten argitalpenak eskura izan zituen.
Horri, eta bere adimen nabariari esker, bere garaiari aurrea hartua zion. Bizitzako ohitura osasungarriei buruzko gomendioak aurrerapen handia izan ziren eta, lanaren aldetik, oso arrakastatsuak izan ziren. Horri guztiari gehitu behar zaio Pedro Bilbao jauna zintzoa eta eskuzabala zela. Horregatik esan liteke, zalantzarik gabe, bere medikuaren jarraibidea ezin hobea izan zela, jakin eta ikasi, entzun eta kasu egin, begiratu eta ikusi egiten zuen medikua zelako.