PressClipping
Cinegourland jaialdiaren aurtengo edizioak, publizitate aldetik, 332.905 euro sortu ditu. Hedabideek iaz baino gehiago zabaldu dute jarduera, "aipamenak Espainiako Estatuan zein nazioarteko hedabide askotan jaso direlarik". Informazio orokorreko zein gastronomia, aisialdi eta bidaia gaietan espezializatutako hedabideak izan dira horren berri eman dutenak.
Lehiaketa toki berrian
Dagoeneko 2011ko ekitaldia ari dira prestatzen eta, bertan, aurten abiatutako ekimenak bultzatuko dituzte, hala nola, "El secreto de sus txokos" lehiaketa eta eskola-umeei zuzendutako zine-foruma. Horiekin batera, beste berri batzuk egingo dituzte, partaidetza zein elikatze-heziketa sustatzeko helburuarekin. Txokoen gaineko txapelketak harrera ona izan zuen, bai elkarte eta sozietateen partaidetzagatik (herriko txokoen %90ak hartu zuen parte), bai txapelketa ikustera hurbildu zen jende kopuruagatik. Lehiaketa hori txandakakoa izatera pasako da eta, hartara, hurrengo edizioa Algortan ospatzea aurreikusi dute. Gainera, primerako elikagaien "gourmet expo" delako batekin osatuko dute txapelketa. Hitzaldi eta erakustaldiei dagokienez, leku berriak aztertzen ari dira, udalerriaren "eraldatze prozesuaren" harira sortutako ekipamendu eta esparru berriek horretarako aukera ematen baitute. Ikasleak jomuga izango dituzten ekintza berriak izango dira, osasunarentzat hain garrantzitsua den elikadura zuzen bat edukitzeko heziketari lotutako formatu berriekin. Azkenik, “Zineko pintxoak” lehiaketan parte hartuko duten taberna eta jatetxeak sustatzeko euskarri berriak sortuko dira.