Lotura berri hori egin artean, Leioako Udala bidegorriaren beste zati bat amaitzen ari da, Sabino Arana kaletik Udondoko bulebarra eta Elexalde auzoa lotzeko. Tarte hori behin behinekoa izango da, tranbiaren lanak amaitu arte. Garraioa abian jartzen dutenean, berriz, behin betikoa egingo dute toki berean.
Beste hiru ekintza
Hastear dagoen urteari begira, Udalak bidegorrien inguruko hiru ekintza berri aurreikusten ditu: alde batetik, Basaez auzoan bertan txirrinduentzako erraila sartzea eta luzatzea Landabarri egingo denarekin lotuz eta Artatza ekonomi jardueren gunea zeharkatuz. Bestalde, Artatza parkeko bidegorria luzatu nahi dute Pinueta auzora arte, Getxo udalerriko bidegorrien sarearekin lotzeko. Eta azkenik, Leioandiko urbanizazio lanak ahalbidetuko duten bidegorria egingo dute, udaletxea eta Sarriena auzoa lotuz.
Ekintza horiek guztiek, eginda daudenekin batera, 6 kilometroko bidegorrien sarea osatuko dute Leioan. Gauzak horrela, bide horiek Getxo udalerriko sarearekin lotuz, Leioatik hondartzara bizikletaz joateko aukera izango da laster. 2011rako aurreikusita dauden lehen ekintza biek 250.000 euroko aurrekontua dute eta urteko lehen seihilabetekoan hasiko dira martxan.