Euskal preso politikoen eskubideen alde larunbaterako, urtarrilak 8, deitutako manifestazioa debekatzea eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak. "Presoen argazkiak eta pankartak erakutsi daitezkeela" uste duenez, "martxa legez kanpokoa izan litekeela" azaldu du AVTk ohar baten bidez. Ildo berean, Carlos Urquijo PPko Legebiltzarreko bozeramaileak Rodolfo Ares Jaurlaritzako Barne sailburuari eskatu dio manifestazioa debekatzea, Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Idatziz egin dio eskaera, eta, zehazki, Ertzaintzak manifestazioaren inguruan jaso dituen aginduak zeintzuk diren esateko eskatu dio. "Terrorismoa goratu egingo dela" aipatu du Urkijok, eta "Egin dezagun urratsa ekimenaren atzean amnistiaren aldeko legez kanpoko mugimendua" dagoela dio. "Ez da zaila pentsatzea manifestazio hori terrorismoa egiten dutenak goratzeko ekitaldi bat izango dela, aurreko batzuetan gertatu den moduan", esan du. Argazkian, urteko azken ostiraleko kontzentrazioaren irudietako bat Algortan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!