Urteberri-egunean, Algortako hiru gazte atxilotu zituzten, Getxoko bost udaltzainei eraso egin zietelakoan.
Udalak zabaldu duenez, osagileek tokiko poliziak artatu behar izan zituzten, jasotako kolpeen ondorioz. Goizeko 11:20 inguruan, auzotar batek Illeta kalean gertatzen ari zen liskar baten berri eman zion Udaltzaingoari. Horren ondorioz, polizia talde bat tokira bertaratu zen, baina ez zuten ezer arrarorik ikusi, ondoko lonja baten kanpo aldean gazte talde txiki batzuk zeudela salbu. Etxabe horren barruan gertatzen ari zitekeenaren berri jasotzera hurbildu zirenean, bertan zeuden beste gazte batzuk udaltzainak zirikatu, iraindu eta erasotu zituzten, polizia iturrien arabera. "Egoeraren larritasuna" ikusita, udaltzain patruila gehiago eta Ertzaintza ere gerturatu ziren bertara. Horrenbestez, hiru gazte atxilotu zituzten polizien aurkako erasoa egotzita. Ustezko erasotzaileak gau horretan bertan aske utzi zituzten, epaiketaren zain. Lokalari dagokionez, salaketa-agiriak bideratu dituzte eta Getxoko Udalak bere egoeraren inguruen hartu beharreko neurriak hartuko dituela adierazi du.