Uribe Kosta eta Erandion barrena ibiliko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 4a, 20:16
Getxo udalerria ez ezik, Uribe Kosta zein Erandioko beste hainbat herri eta auzo ere bisitatuko dituzte asteazken honetan, urtarrilak 5, Errege Magoek. Besteak beste, Astrabuduako Gazte Unamaz Alkartuak taldeak deituta, 18:00etan abiatuko dira Bilboko Kontsulatua kaletik Meltxor, Gaspar eta Baltasar, herrian zehar desfilea egiteko. Altzagan, berriz, 18:30ean jarri dute hitzordua Jado ikastetxean Erandioko Kabalgataren Lagunek. Gorlizen ere 18:30ean hasiko da desfilea Eliz plazan, Itsasbide eta Areatza zeharkatuta, 20:00etan Plentziako Astillero plazara heltzeko. Bitartean, Lamiakon, 18:00etatik aurrera igaroko dute Langileria kalea Errege Magoek, tokiko jai batzordeak antolatuta. Ordu bete beranduago egingo diete harrera Lamiako Antzokian eta 20:00etan txokolatada egongo da. Kultur Leioan, berriz, 18:30ean izango dute harrera. Sopelari dagokionez, 18:00etatik aurrera, Larrabasterrako Urgitxieta plazatik udaletxera arteko bidea egingo dute Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek, txokolatada, hankapaluak, gozokiak eta abar izango direla. Azkenik, Berangon, 19:30ak aldera, Berangoetako kultur etxetik frontoiraino desfilea egin eta bertan egingo diete harrera Errege Magoei. Gainera, txokolate jana egongo da guztientzat. Erregeen harreraren ostean, musika emanaldia eskainiko du DJ Xaibor-ek. Argazkian, Meltxor erregea hainbat morroiekin batera / © Getxoko Kultur Etxea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun