Goizaldeko 0:45etik goizeko zazpiak arte 49.742 bidaiarik erabili zuten Plentzia eta Etxebarri arteko garraio zerbitzua, iaz baino %3 gehiago,
Metro Bilbao enpresak zabaldu duenez. Datu horien arabera, metroak Gabon gauean baino 35.000 bidaiari gehiago izan ditu abenduaren 31ko gauean. Barakaldo (3.299 bezero), Santutxu (3.272) eta Abando (2.867) izan ziren geltoki erabilienak, tokiko arduradunek jakinarazi dutenez. Zerbitzu bereziaren lehenengo orduak izan ziren bezero gehien izan zituztenak; goizaldeko ordu batetik ordu bietara (18.290 erabiltzaile), alegia. Bidaiari kopuru osoaren %12,1k ordu horretan erabili zuen metroa. Ondoren, 2:00-3:00 tarteak bildu zituen bezero gehien (12.066 pertsona). Bestalde, 151.143 bidaiarik erabili zuten metroa urtarrilaren 1ean, iaz baino %5,7 lagun gehiago. Jende gehien jaso zuten geltokiak Abando (10.363), Zazpi Kaleak (10.175) eta Barakaldo (9.668) izan ziren. Bestalde, bihar, Errege Magoen gauean metroa goizaldeko ordu biak arte arituko da, jai-bezpera egunetan ohi den bezala. Argazkian, metroko bagoi bat gainezka, artxiboko irudian.