Urte berria gogotsu hasi du
Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak. Urtarrilerako ekitaldi sorta ederra prestatu du berbalagun eta, oro har, euskaltzale guztientzat. Larunbat honetan, urtarrilak 8, 48 kilometroko bizikleta ibilaldia egingo dute Algortatik Muskizko Cobaron auzora. Horrenbestez, goizeko bederatzietan jarri dute abiatzeko ordua, Algortako metro geltoki ondoko parkingean. Ibilbide gehiena bidegorritik egingo dute, zehaztu dutenez. Hilaren 22an ere ordu eta toki berean lotu dira, Gorbeialdeko Burbona mendiko (931 metro) pagadira joateko. Hori bai, aurretik eman beharko da izena, 619 935 541 telefono zenbakiaren bitartez, behar beste auto lortu ahal izateko. Baina ez da guztia kirola eta mendia izango. Urtarrilaren 27an hitzordu berria dauka Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak. Josu Penades idazleak “Jantzi beltz bi” eleberriaz berba egingo du, 20:00etatik aurrera, Algortako Aldai patronatuan. Argazkian, bizikleta asteburua Plazaolan / cc-by Egizu Getxo Euskaldun!