Korrika 100 egun barru helduko da eskualdera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 7a, 12:42
Uribe Kosta eta Erandioko euskaltzaleek astia dute Gabonetan lasaitutako giharrak mugitu, estutu eta fintzeko. Izan ere, ehun egun falta dira oraindik Korrika, euskararen lasterketa, apirilaren 16an eskualdean sartu eta berau ziztu bizian euskararen alde mugitzeko. Aurretik, apirilaren 7an, Trebiñutik irtengo da Korrikaren 17. edizioa. Helmuga, berriz, Donostia izango du. Eskualdeari dagokionez, eta lasterketaren orduak oraindik finkatzeke daudela, aurretik erandioztarrek hartutako lekukoa Leioatik sartuko da eta hortik aurrera, Getxo udalerria, Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz zeharkatuko dituzte "euskalakariek", AEKko kideek euskarari zaletasunaz gain erabilera ere eskaintzen diotenentzat sortu duten hitz berria. Hamaika egun horietan eta bereziki Donostiako jaian Euskaltzaindia izango da omendua. Argazkian, AEK eta Korrikako arduradunak aurkezpenean. Oscar Elizburu falta izan zen, aurretik beste zazpi lagunekin gertatu bezala, Korrikako aurreko edizioan preso politikoen argazkiak ageri zirelako balizko "terrorismoaren goratze" delituaz Guardia Zibila galdekatzen zebilelako une hartan / © Korrika.
Korrikan parte hartzeko hamaika aukera

AEK-k eta Korrikak lasterketan parte hartu eta laguntzeko hamaika era jarri dituzte euskaltzaleen esku. Honako hauek dira:

• “Korrika laguntzailea” euskarria erosiz.
• Herrian edo auzoan eratuko den Korrika batzordean parte hartuz.
• Korrika kulturalak antolatuko dituen ekitaldietan agertuz.
• Korrikaren web-gunea bisitatuz (www.korrika.org) eta Korrikaren aldeko sare sozialetan parte hartuz.
• Apirilaren 7an Trebiñura eta apirilaren 17an Donostiara joanez, eta Korrika 17ren hasieran eta amaieran parte hartuz.
• Korrika 17ren materiala edo oroigarriak erosiz, Korrika aurretik, bitartean edo ostean.
• Benetako korrikalarien ezaugarri garrantzitsua den petoa edo bizkarrekoa erosiz, aurretiaz AEKren edozein euskaltegitan edo Korrika dendetan, edo Korrika egunean bertan.
• Herriz herri egingo den Korrikaren aldeko diru bilketan lagunduz.
• Kilometroak subentzionatuz, eta ordaintzen duenak zein hautatutako beste batek subentzionatutako kilometroan korrika eginez. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete.
• Korrikaren izenean Euskadiko Kutxan zabaldu den 30350072020720037810 kontu korrontean nahi den diru kopurua sartuz.
• Enpresa edo saltegiek, korrikalaria, korrika-lagun txartela edo Korrika iragartzeko aterako diren bestelako euskarriaz babestuz.
• Eta, jakina, Korrika egin ahal izateko laguntza ekonomikoa beharrezkoa dugun arren, bizkarrekoa jantzita korrika eginez ere bai.

Korrika kulturala

"Euskal kultura bultzatzea eta euskara gizartearen esparru guztietara eramateko" helburuz, euskarazko arte eszenikoak bultzatu, euskal sortzaile berriei bidea egin eta Korrika Kulturalean zein bestelako kultur ekimenetan jendaurrean aurkez daitezkeen lanak sortzen laguntzea du xede Korrika Kulturalak. Oraingo honetan, Korrika Kulturala berrikuntzekin dator; Euskalaklip lehiaketa, besteak beste. Horretaz gain, eskualdean ere hamaika ekimen izango dira, tartean Sopela Esaera Zaharren Txapelketa, martxoaren 26an. Getxo udalerriko Euskara Josten sarea ere badabil zer edo zer ordurako prestatzen, baina oraingoz ez du publiko egin eskuartean duen egitasmoa zein den.

Korrika 17ren aurkezpena, Korrikaren eskutik

korrika17 on livestream.com. Broadcast Live Free


Euskalakaria iragarkia, Korrikaren eskutik



Euskalaklip lehiaketaren iragarkia, Korrikaren eskutik

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun