Ohean, harrizko paisaia zulatu batekin egin dut amets. Berehala ezagutu ditut han lanean ari ziren miniaturazko izakiak: "Curri"-ak ziren, haurtzaroko telebista saio bateko pertsonaiak. "Fraggle Rock"-en denbora guztia alferreko egiturak eraikitzen ematen zuten horiek. Curriek eraikitzen zutena jaten zuten Fraggle-ek, eta, beraz, inoiz ez zitzaien lana bukatzen.
Egin berri zegoena berriztatzen ari dira. "Herri dinamikoagoa" eta "kalitatezko hiri-eremuak" deitzen dituztenak sortu nahi dituzte, "mugimendua hobetzeko gune goxoagoak" atondu. Hizkera bera, eraikitzen duten herria bezain artifiziala da.
Aitonari entzun diodanean Borobilako parkera jolastera eramaten ninduela, guztiz ahaztuta nituen irudiak piztu zaizkit buruan. Euriak, denborak, umeen jolasek eragindako arrakalak zituen zoruak. Zuhaixkak zeuden eta haien atzean ezkutatzen ginen, makilak biltzen genituen belarretan, lur azpian sartzen genituen. Zaporerik gabeko gainazal lauek estaliko dute herria, identitatea galduko bere bazterrek. Etengabe berriztatu behar honek memoria bera ere eramaten du berarekin.
Irati Elorrieta idazle algortarrak pasa den asteazkenean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
[©