Gazteek erabiltzen duten Algortako lonja batean Urteberri-egunean izandako gertaerak "gaitzetsi" eta "arbuiatu" ditu gaur Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Udaltzaingoaren arabera, "auzokide baten deia jaso ostean", bertara hurbildu ziren poliziak "zirikatu, iraindu eta erasotu" zituzten hainbat gaztek. Iturri berberek zabaldu zutenez, "hiru gazte atxilotu zituzten eta osagileek bost udaltzain artatu behar izan zituzten, jasotako kolpeen ondorioz". Horri jarraituz, tokiko poliziei "elkartasuna eta babesa" adierazi diete Udalbatzan ordezkaritza daukaten alderdi politikoen eledunek. Azkenik, Udalak aipatu udaltzainen eskura jarriko du "gertaerak sorburu dituen auzibidean beren eskubideak defendatzeko ezinbestekoa den laguntza juridikoa". Getxoko PPk asteazkenean eskatu zien udal agintariei "ahalik eta lasterren" Bozeramaileen Batzordearen bilera deitzea. Horretaz gain, Udala gazteen kontrako auzian pertsonatzea nahi zuten popularrek, baina, gaurko adierazpenari jarraiki, laguntza juridikoa baino ez omen dute jasoko udaltzainek. Bitartean, gazteek erabiltzen dituzten lonjen gaineko "kontrol eraginkorra" egitea galdegin du Getxoko PSE-EEk. Argazkian, 2010eko apirilaren 15ean udaltzainak agertu ziren Itzubaltzeta / Romoko Errekagane kalean, bertoko lonja batean obrak egiten ari zirela eta.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!