Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz, nazio manifestazioak zeharkatuko ditu bihar, larunbata, Bilboko kaleak. Abiatzeko ordua 17:30ean jarri dute, Aita Donostia plazan. Egunotan aipatu martxa
debekatzeko eskaerak egin dituzte AVTk, Dignidad y Justiciak, Covitek, UPyDk eta PPk. Hala ere, guzti horiek atzera botatzea erabaki du Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Horrenbestez, magistratuak ez du debekatu "
Egin dezagun urratsa" kolektiboak deitu eta ehunaka elkarte, pertsonaia ezagun eta erakundek babestu duten manifestazioa. Guardian dagoen epaileak Jesus Alonso fiskalaren eskariz hartu du erabaki eta autoan azaldu duenez, ez dago "oinarririk deialdia ETAk edo beste erakunde terrorista batek egin duela esateko, eta ezta terrorismoa goratzeko edo biktimak umiliatzeko asmoa izango dutela esateko ere". Dena den, Pedrazek martxa gertutik jarraitzeko agindu die Espainiako Polizia Nazionalari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari, "terrorismoa ez dela goratzen" zaintzeko. Argazkian, 2010eko urtarrilaren 2an Bilboko kaleak bete zituen euskal preso politikoen aldeko aldarriak / cc-by-nc-nd
Ekinklik.