Getxoko Udal Gazteria Zerbitzuak antolatutako 2009ko Wanted ideia lehiaketa irabazi zuen “Norabide guztiak” ikus-entzunezko lana gaur zortzi, urtarrilaren 14an, estreinatuko du. Hitzordua 19:30ean jarri dute Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Proiekziorako sarrera doakoa izango da, udal iturriek zehaztu dutenez. Dokumentalaren aurrestreinaldia joan den urrian izan zen Algortako Fadura kiroldegian, SozialHitz Etorkinen eta Giza eskubideen inguruko topaketaren barruan. Estreinaldi ofiziala, berriz, abendurako iragarrita zegoen, baina atzeratu egin behar izan zuten. Proiektua Leire Muñozek eta Cristian Villavicenciok gauzatu dute, Arte Ederretako lizentziatua eta ikaslea, hurrenez hurren. Bikote horren lanean adin eta jatorri desberdinetako Algortako Fadura institutuko DBHko ikasleen bizimodua erakusten da. "Hainbat egoeren bitartez, egunez egunekoak oso ikuskera aberatsa erakusten du, eta horrek, kultur aniztasuna zeharka lantzeko aukera eskaintzen du", adierazi dute autoreek. Argazkian, dokumentalaren pasarteetako bat / ©
Getxoko Udala.