Orain dela lau egun Andra Mari kale plentziarreko 1 zenbakiko etxean sartu ziren
Plentzia ta Gorlizko Gazte Asanbladako (PGGA) kideak, bertan gaztetxea egiteko asmoz. Neska-mutilek UKBERRI.NET agerkari digitalari adierazi diotenez, izena ere jarri diote jada eskualdeko gune autogestionatu berriari: Ermitatze gaztetxea. Izan ere, baseliza atzealdean dago, Piruli plazatxotik eta Jai Alai frontoitik gertu. Lehenengo egunean udaltzainen bisita izan zuten. Hiru gazte identifikatu zituzten arren, asanbladakoek ez dute uste arazo handiegirik izango dutenik. Egun hauetan garbitze eta atontze lanetan dabiltza. Albait lasterren hasi nahi dute tailerrak eta hitzaldiak egiten. Bi aste barru etxeko hiru solairuetatik behekoa prest egotea espero dute PGGAkoek. Hori dela eta, eskualdeko neska-mutilei Ermitatze gaztetxera hurbiltzeko gonbitea luzatu diete, auzolanetan laguntzeko asmoz. Asteburu honetan, goizeko hamarretatik aurrera, gutxi gora behera, izango dira bertan. Argazkia: © Plentziako ta Gorlizko Gazte Asanblada.