Gazteen hitzetan, ondoko txokoan inor ez zegoelako hurbildu zen beraien lonjara udaltzain patruila. Auzokide batek deitu omen zien poliziei, aipatu lehenengo lokal horren kanpoaldean istilua zegoelakoan. Momentu oro udaltzainek "jarrera oldarkorra, gizabide eskasa eta errespetu falta izugarria" erakutsi zutela salatu dute: "poliziek borra luzagarriekin jo zuten lehenengo atxilotua. Erakutsitako indarkeriaren ondorioz, eskumuturrean fisura eta buruan zauria dauzka. Neska, bere aldetik, hanketan eta sorbaldan ubeldurak dauzka, borren kolpeen ondorioz", adierazi dute neska-mutilek. Bestalde, udaltzainak jotzen hogei pertsona ibili zirenik gezurtatu dute. Euren hitzetan, "lehenengo mutila izan zen hiru udaltzainen kontra jo zuen bakarra".
Salaketak
Hiru atxilotuak eraman zituztenean polizia gehiago hurbildu ziren tokira eta gazteek pertsiana jaitsi zuten. "Udaltzainak eta ertzainak lokalaren kanpoaldean geratu ziren neska-mutilok noiz irtengo zain. Gauzak horrela, bat kalera irten zenean, poliziek momentua aprobetxatu eta lonjara sartu ziren borrak eskuan", azaldu dutenez. Barruan zeuden gazte guztiak kalera atera eta identifikatu zituzten. Ertzainetako batek “zuen kontra joango gara” esan omen zien. Bitartean, aipatu lonjaren kontra jarritako salaketak hogei direla zabaldu zuen "El Correo Español" egunkariak. Gazteek adierazi dutenez, salaketa bakarra jaso dute. "Bestalde, beste gezur bat da kristalezko botilak eta edalontziak bota zitzaizkiela poliziei", amaitu dute neska-mutilek.