Gaur, astelehena, 53 urte bete ditu Alfonso Etxegarai Atxirika deportatu plentziarrak. Tokiko ezker abertzaleak gogoratu duenez, "Alfonek ia bizitza erdia eman du deserrian". Izan ere, 1986ko abuztuaren 14tik dago munduko herrialderik txiroenetakoa den Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoan, Ginea Golkoko 1.001 kilometro koadroko eta 160.000 bat biztanleko herrialdean. "Horra, Ekuadorreko Poliziak indarrez eta inolako lege-izapiderik egin gabe eraman zuen. Gainera, zazpi hilabete lehenago, bertako Poliziak metraileta buruan jarrita bahitu zuen eta Espainiako zerbitzu sekretu edota segurtasun indarretako kideek torturatu zuten", salatu dutenez.
Plentziako ezker abertzaleak adierazi duenez, "aukera ona da postal, gutun edo zerbait bidaltzeko, urteak egiteaz batera bere konpromisoan eredugarri ditugun euskal gudariei zorionak eta eskerrak eman eta gure elkartasuna adierazteko". Argazkian, Alfonso Etxegarai Plentziako deportatua eta Kristiane Etxaluz bere emaztea / © GITE-IPES.