Izan ere, Eguberrietan ikastetxean ikaslerik ez zegoela kontuan izanik, "Poliziak ikastetxean zaintza ezarri zuen baliabide bideografikoen bitartez, eta gertakariak egiaztatu" ziren, ertzainen esanetan. Jasotako materiala dagoeneko agintari judizialen esku geratu da. Ikertzaileek egiaztatutzat jo dute irakasleak, "gelak banatzerako orduan, ikasleekin bakarka egoteko aprobetxatzen zuela eta adin-txikikoei baimenik gabeko ukituak egiten zizkiela, eta noiz edo noiz, gainera, bere bulegora eramaten zituela".
Polizia autonomikoak egiaztatu ei duenez, "gutxienez lau adin txikikoei egin dizkie sexu gehiegikeriak gizonezkoak" eta, beste adin txikiko batzuekin gauza bera egin ote duen egiaztatzeko ikerketak zabalik jarraitzen du. Gainera, ikerkuntzarako poliziak hainbat material informatiko atzeman dizkio atxilotuari.
Atxilotua poliziaren etxean eduki dute, dagozkion ikerketak amaitu ostean epailearen aurrera eraman arte. Irakasleak ez du aurrekari polizialik.
"Bizkaiko eskuinaldeko" ikastetxe bateko irakaslea espetxera bidali dute gaur, atzo goizean adin txikiko ikasleei sexu gehiegikeriak egitea egotzita atxilotu ondoren. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ustezko erasotzailea 46 urteko gizonezkoa da eta eskola-orduak erabiltzen ei zituen sexu-abusuak egiteko. Orain arte, lau ikaslez abusatzea leporatu diote. Salaketa bost urteko ikasle baten gurasoek jarri zuten, ustez euren haurrak ikastetxean sexu gehiegikeriak jasaten zituela ohartaraziz. Hori dela medio, ikerketa jarri zen abian eta azken hilabeteotan Ertzaintza "erne ibili da", Erandioko Ertzain-etxetik zabaldu dutenez. Handik aurrera, irakaslea kontrolatzeko bideo-zaintza sistema jarri zuten bere gelan eta bertan lortutako irudiek akusazioak frogatu dituztela diote ertzainek. Bilboko 8. Instrukzio Epaitegiko magistratuak Basaurin espetxeratzeko agindua eman du gaur arratsaldean.