Getxoko Udaltzaingoak D.C. inizialak dituen Bilboko 39 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo, asteartea, Algortako supermerkatu batean ebastea eta agiri faltsuak eramatea egotzita. Gertaera atzo izan zen, 16:30ak aldera. Sarrikobaso kaleko supermerkatuaren inguruan, mugikortasun murritza duten pertsonentzat gordeta dagoen tokian auto bat aparkatuta zegoela ikusi zuten zaintza lanak egiten omen zebiltzan udaltzainek. Udalak zabaldutako bertsioaren arabera, poliziak hurbil zeudela konturatzean ibilgailua "toki egokiago batera" eraman zuen gidariak. Apur bat geroago, kale berean auto hori berriro txarto aparkatuta zegoela ikusi zuten udaltzainek. Gidaria karro batean zeramatzan produktuak ibilgailuaren maletategian sartzen ari zen, beste bi gizonek lagunduta. Poliziak ikustean, aipatutako bi gizonezkoek alde egin zuten, agenteen susmoak piztuz. Gertatzen ari zena ikertzera hurbildu zirenean, udaltzainek ondoko supermerkatuan ebatsitako produktuak zirela egiaztatu zuen, udal iturriek adierazi dutenez. Argazkian, Getxoko udaltzain bat motor gainean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!