Goikolanda ikastetxeko
irakasle bat espetxeratu zuten atzo, adin txikiko eskola-umeei sexu abusuak egitea egotzita. Horren aurrean, gertatutakoa "azken muturreraino" ikertzeko eta, erantzuleak baleude, "zorroztasun osoz" jokatu eta horietako bakoitza "zigortzeko" eskatu die dagokien agintariei Joseba Goikouria Erandioko alkateak. Gaur plazaratutako oharrean, gertatutakoa "biziki" deitoratu du udal agintariak, maisu-andereñoei elkartasuna adieraztearekin batera. Halaber, "dagokion neurrian" baloratu nahi izan du Ertzaintzaren "prestutasuna" Goikouriak; eta laguntza eskaini die Hezkuntza Sailari zein kaltetutako aita-amei. "Gertatutakoak sortutako alarma soziala eta mediatikoak ez ditu zalantzan jarriko —ezin ditu zalantzan jarri— Erandioko ikastetxetako bakoitzaren hezkuntza kalitatea zein irakasleriaren profesionaltasuna eta egite ona", gaineratu duenez. Amaitzeko, bere "gaitzespenik irmoena" berretsi du alkateak eta besarkadarik "zintzoena" helarazi die Goikolanda ikastetxeko aita-ama eta irakasleei, "une zail hauetan". Argazkian, Joseba Goikouria Erandioko alkatea.