A-2171 autobus lineak Txorierri eta Areetako anbulatorioaren arteko joan-etorria egiten du. Zerbitzu publiko horren helburu nagusiena da Leioako erdigunetik urrun dauden zonaldeetako bi —Txorierri eta Ikea— komunikatzea. Garraioa duela 30 urte indarrean jarri zuten udal erabaki baten ondorioz, baina geroago Bizkaiko Foru Aldundiak hartu zuen horren ardura, tokiko iturriek aipatu dutenez. Betidanik astelehenetik ostiralera ibili da autobusa, baina orain dela hamar urte inguru, Leioako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuen enpresa esleipendunarekin zerbitzua luzatzeko. Modu honetan, etenik gabeko ordutegia ezarri zuten goizeko zortzietatik gaueko hamarrak arte aste barruan; baita larunbat goizera zabaldu ere. Orain, berriz, zerbitzua luzatuko dute larunbat arratsaldera eta igande goizera.
Sei hilabeteko proba-aldia
Beraz, ordutegi arruntari ondoko orduak gehitu behar zaizkio: larunbatetan 15:00etatik 20:00etara eta igandeetan 9:00etatik 14:00etara ere ibiliko da autobusa. Udal iturriek zehaztu dutenez, ordutegi hori ez da finkoa oraindik, eskariaren arabera moldatuko baitute hurrengo egunetan. Zerbitzuaren indartzeak urtean 63.000 euroko gastua eragingo dio Leioako Udalari. Joan den asteburuan jarri zuten martxan ordutegi berria, eta Udalaren asmoa behin betikoa egitea bada ere, sei hilabeteko proba-aldia igaro beharko du azken erabakia hartzeko.