Erandioko Goikolanda ikastetxe publikoko ikasleen gurasoek esan dute "zur eta lur" geratu direla ustez zentroan izan diren
sexu abusuen berri izan dutenean. Izan ere, ikastetxeko zuzendaritzak informaziorik ez diela eman salatu dute. Alaba ikastetxera zeraman ama batek esan du "oso gaizki" hartu dutela albistea. "Ez genekien ezer, atzo enteratu ginen eta zur eta lur geratu gara denak", aipatu duenez. Amak azaldu du "lagun batek" eman ziola albistearen berri: "ez digute ezer esan eta ez genuen ezer susmatzen, pertsona ezaguna baita. Askotan hitz egin dugu berarekin". Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak berak esan du ikerketa "orain hilabete batzuk" abiatu zutela, bost urteko ikasle baten gurasoek salaketa aurkeztu ostean. Gabonetako oporretara arte, baina, ez zituzten baliabide bideografikoak jarri zaintza egiteko. Horiek ipini ostean "egiaztatu" zituzten gertakariak. Polizia autonomikoak adierazi duenez, "gutxienez lau adin txikikoei egin dizkie sexu gehiegikeriak gizonezkoak" eta, beste adin txikiko batzuekin gauza bera egin ote duen egiaztatzeko ikerketak zabalik jarraitzen du. Argazkian, herenegun atxilotu zuten 46 urteko irakaslea.