Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan lekututako kultur etxea ez botatzea eskatu dio gaur Imanol Landa alkateari Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak. Romo Kultur Etxea izenpean, eraikin berria altxatuko du Udalak, horretara zazpi milioi euro bideratu dituela. Tamaina horretako proiektua "hauteskundeetarako lau hilabete falta direla" abiatzea kritikatu du Arruek, "auzokideen eskaerak eta beharrizanak ere betetzen ez dituenean gainera". Itzubaltzetan kultur etxe berria eraikitzearen "aurka ez" daude popularrak. Baina, euren ustez, "Ez litzateke orain egin behar, ezta EAJk aurreikusi duen moduan ere". "Megaestruktura horren kontra gaude. Gainera, ez lukete kultur etxe zaharra orain bota behar", adierazi du Arruek. Egun, bertan biltzen diren elkarteengatik eta, azterketa garaian egonda, ikastera joaten diren gazteengatik "kezkatuta" agertu da Getxoko PPko bozeramailea. Argazkian, zinegotzi popularrak Santa Eugeniako kultur etxe ondoan.