2011rako 97,3 milioi euroko aurrekontuak onartuko dituzte Getxoko EAJk eta PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 14a, 19:04
Getxoko Udal Gobernu Taldeak gaur goizean aurkeztu du, prentsaurrekoan, 2011ko aurrekontu egitasmoa. 97,3 milioi eurokoa da, 2010koa baino %9,6 gehiago, iazkoa 88,8 milioikoa izan baitzen. “Aurrekontu hauek, zorpetzerik gabe eta 4 urteetan udal zorra euro bakar batean ere igo barik (murriztuz baino), Getxo modernizatzeko eta eraldatzeko prozesua proiektatzen eta bermatzen dute geroari begira. Prozesu hori, bistako kutsu soziala duela, legegintzaldi honetan zehar bultzatu dugu eta halaxe egiten jarraituko dugu, atzeraezina baita”, adierazi du Imanol Landa alkateak. Aurrekontuak hilabete honetako udal batzarrera eramango dituzte onartzeko eta PSE-EEren babesa daukate. Argazkian, Getxoko udal batzar bateko artxiboko irudia.
Guztira, 13,8 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu aurrekontu proiektuak (2010ko 6,3ren aurrean). Batez ere, hiru arlo hartzen ditu: Gizarte Zerbitzuak, batetik, "beharrik handiena duten kolektiboen alde" egiten jarraituko baitute. Elkarteei bideratutako diru-laguntzak dira handitzen diren bakarrak. Ekonomia Sustapena, bigarren, merkataritza, ostalaritza eta turismoa bultzatzeko aparteko programekin enplegua sortze aldera (beste urte batez ekonomia sustatzeko aparteko Planari eutsiko baitio arlo honek, 1.000.000 eurorekin), eta inbertsio estrategikoak erakarri eta ezarriz (hala nola, Areetako BiscayTIK egitasmoa eta enpresa haztegia). Eta Hirigintza, hirugarren, proiektu estrategikoetan egin beharreko inbertsiogatik: Getxo Antzokian (8,1 milioi euro), eta Romoko Kultur Etxean (355.231 euro) eta haur eskolan (606.000 euro). Udalerriko elkarte-sareari ere erabateko laguntza emango zaio. Gizarte, Kultura, Kirol eta Euskara sustatzeko arloetan diharduten elkarteak lagunduko dira, hain zuzen. “Eta hori guztia, gainera, legegintzaldiko 4 urteotan udal tasak bere horretan mantenduz eta tasa batzuk, zaramarena berbarako, %35 jaitsiz, hots, krisialdi sasoi latz hauetan gure auzotarrei babes mezu argia helaraziz”, aipatu du Landak.

Zorpetzerik ez

2011ko aurrekontuek "zero euroko" zorpetze aurreikusten dute. “Ez hori bakarrik, 2007-2011ko legegintzaldian Getxo modernizatzeko prozesua bultzatu dugulako inolako mailegu berririk gauzatu gabe (2009an eta 2010ean onartutako zorpetzea beharrezkoa ez delako izan) eta udal zorrera euro bat ere gehitu gabe; eta gainera aurreko legegintzaldietako 13 milioi eurotako zorra amortizatu dugu. Horrek esan nahi du datozen urteetarako Udalaren egoera finantzarioa positiboa izango dela”, zehaztu du alkateak.

Inbertsioen atalean, hazkunde nagusiena Udalkutxa-Udal Finantziazio Fondotik dator eta, gastuen atalean, inbertsioetatik. Gastu arrunta ez da gehituko, ezta jaitsiko ere, Espainiako Gobernuak agindutako Errege Dekretuak defizit publikoa gutxitzeko langileen gastuen alorrean ezarritako murrizketa indarrean sartzeagatik.

Inbertsioak

2011ko aurrekontuek 13,8 milioi euroko inbertsioak aurreikusten dituzte (2010ean izan ziren 6,3koen aldean) eta 2013ra arte "Getxoko proiektu estrategikoen" finantziazioa bermatzen dituzten aipatutako konpromisozko kredituak biltzen dituzte. Getxo Antzokirako (8,1 milioi euro); Romo Kultur Etxerako (355.231 euro); Ekonomia, Enplegua dinamizatzeko Ezohizko Plan berrirako (1.000.000 euro); eta Itzubaltzeta / Romoko haur eskolarako (606.000 euro) diru partidak bideratzeaz gain, 2011ko aurreikusitako inbertsioak honako hauek izango dira: Areetako Xake plazako proiektua (3.000 euro); HAPO (179.000 euro); bideak (750.000 euro); saneamendua (150.000 euro); eta Kirol Portuko pantalan berria (300.000 euro), besteak beste.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun