Urtarrilaren 21ean bukatuko da 2011ko
Umore Azokarako proposamen artistikoak aurkezteko epea. Antolatzaileek adierazi dutenez, Leioako Kale Artisten Azoka, batik bat, kalea adierazpide eta komunikazio artistikorako bide gisa erabiltzen duten elkarte, konpainia zein artista profesionalen taldeentzat dago zabalik. Maiatzaren 12tik 15era izango da. Hautaketa prozesuan lehentasuna izango dute Espainiako azoketan parte hartu ez duten lanek, edota proposamenak estreinakoak badira, betiere, Azokako Batzorde Artistikoak behar bezala balioztatzeko denbora izan badu. Bestalde, haurrentzako zein familiarteko publikoari zuzenduriko kale antzerki muntaiak aurkez daitezke, baita musikalak, zirkuaren esparrukoak edo beste edozein eratako ikuskizunak ere. Parte hartzeko interesa duten konpainia profesionalek postaz bidal dezakete proposamenaren dokumentazioa (proiektua edo dosierra, fitxa teknikoa, DVDa eta harremanetarako datuak jarraian zehazten den helbidera: Umore Azoka - Leioako Kale Artisten Azoka. Jose Ramon Aketxe Plaza, 11-4. 48940 Leioa / Bizkaia. Argazkian, iaz plazaratutako ikuskizunetako bat / © Umore Azoka.