Emakumeei zuzendutako hainbat lehiaketa antolatu ditu aurten ere Sopelako Itzartu elkarteak. Alde batetik,
olerki eta ipuin laburren sariketetan esku hartzeko deialdiak aurkeztu dituzte. Batean zein bestean, partaideek otsailaren 25era arte bidal ditzakete euren lanak, euskaraz zein espainolez, posta bidez (Landa doktorea kalea, 3 - 48600 Sopela); edo bestela Itzarturen egoitzara hurbildu. Olerkiak 4 eta 50 lerro bitartekoak izan beharko dira, eta ipuin laburrak 3 eta 10 orrialde artekoak. Bestalde,
margo lehiaketa ere abian jarri dute. Horretan, egile bakoitzak, bi lan aurkezteko aukera izango du, olioz zein akuarelaz eginak, gaia librea delarik. Margo guztiak Kurtzio Kultur Etxera eraman beharko dira martxoaren 1etik 9ra bitartean, 11:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Olerki eta ipuin laburretan ez bezala, emakume sopeloztarrentzat baino ez da izango margo lehiaketa. Argazkian, Imanol Garai alkatea, aurreko batean, Itzartuk antolatutako lehiaketen sariak banatzen.