EHUko
Zientzia eta Teknologia Fakultateak estreinakoz antolatu du "Fisikaz blai" izeneko programa. Egitasmoan 35 institutu eta ikastetxetako 200 ikaslek parte hartuko dute, bi astez, joan den ostiralean hasita. Hamar laguneko taldetan, ikasleek, hiru ordu eta erdiko saioetan, zenbait esperimentu egingo dute, batzuk ikusgarriak, beste batzuk oso praktikoak, haien Batxilergoko irakasleak eta Fakultateko beste irakasle batek ikuskatuta. "Fisikaz blai" programa urtarrilaren 25ra arte abian izango da. Horren helburua da Batxilergoko ikasleek zientzian oro har eta bereziki fisika izan dezaketen interesa indartzea, EHUko iturriek zehaztu dutenez. Bestalde, laborategiko lanetan ikasleek duten prestakuntza ere hobetu nahi dute. Horretarako, Zientzia eta Teknologia Fakultateak irakaskuntza-laborategiak, Fisikakoak eta Ingeniaritza Elektronikako Ikerkuntzakoak ere, eskainiko dizkie ikasleei, Fisika hobeto uler dezaten eta belaunaldi berriek zientzia honen eta gaur egungo bizimoduan daukan eragin handiaren berri izan dezaten. Argazkia: © EHU.