Bidaian zehar, ikertzaileek ozeano sakoneko ur-laginak bilduko dituzte (5.000 metroraino), ibilbidean aurrez ezarritako 180 gunetan, EHUko iturriek zehaztu dutenez. Bukatu berri den lehenengo etapan laginak hartu ahal izan ziren aurreikusitako 29 guneetatik 26tan, eguraldi txarraren ondorioz. Itsasontzian EHUko zientzialarien lana oso bizia da. Entzimen aktibitatea ikertzen dutenez, analisiak egin behar dituzte laginak hartu eta ondorengo orduetan. Analisi horien lehenengo emaitzek ondorio interesgarriak erakusten dituzte. “Dirudienez, ozeano sakonean eta kostaldeko uretan edo azaleko itsasoan bakterio entzimen jokabidea zein proportzioak oso ezberdinak dira. Fenomeno hori ekosistemaren funtzionamenduarekin batera interpretatu beharko dugu”, adierazi du Iriberrik. Bigarren etapan, Rio de Janeirotik Lurmutur Hirira, 21 estaziotan hartuko dira ozeano sakoneko laginak. Begoña Ayo irakaslea, entzimekin egin behar duen lanaz gain, Biodibertsitatea eta Mikrobiar Prozesuak arloko arduraduna izango da etapa horretan. Hainbat erakundetako bost ikertzailek osatuko dute arlo horretako taldea. Gaur abiatu aurretik, Ayok espedizioa zabaltzeko hiri brasildarrean antolatutako ekitaldietan parte hartu du, espedizioko gainontzeko ikertzaileekin batera.
Sei etapa
Malaspina 2010 zirkumnabigazio-espedizioa Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak Espainiako Armadarekin lankidetzan prestatutako diziplina arteko proiektua da, Alessandro Malaspinari omenaldia egiteko asmoz (XVIII. mendearen amaieran Espainiako lehen zirkumnabigazio-espedizio zientifikoa zuzendu zuen Malaspinak). Sei etapatan banatu da eta guztira 300 ikertzailek parte hartuko dute. EHUko taldetik espedizioan bidaiatuko den hirugarren ikertzailea, Zuriñe Baña, azken etapan ontziratuko da. Etapa hori seigarrena izango da eta Cartagena de Indiasetik Cadizera joango da. Marian Unanue eta Itxaso Artolozaga irakasleek ere proiektuan parte hartuko dute, lehorretik.