De Miguel edo Miñao auziko ikerketa batzordeak "intimitaterako eskubidea eta irudia" urratu dituela salatu du Leioako EAJko zinegotzi izandako Iñaki San Juan Bilbaok, Arartekoaren aurrean, bere izen-abizenak hedabideetan ezagutzera eman zituztelako. Leioaztarra da Ortzi Muga (2006ko apirilean eratua) eta Errexal (2005eko urrian sortua) enpresen "administratzaile bakarra". Sumarioan jasotzen denez, ustez arrazoitu gabeko zenbait kontratu eta diru jaso zituzten hiru enpresen artean daude horiek. San Juan
urtarrilaren 3an agertu behar zuen Legebiltzarreko batzorde ikertzailearen aurrean, baina, bere hitzetan, ez zen joan "burofaxa hurrengo egunean" jaso zuelako. Juanjo Agirrezabala batzordeko presidenteak, bere aldetik, abenduaren 23an eta urtarrilaren 4ean Ganberaren aurrean agertzeko zitazioa bidali zitzaiola esan du. Intimitaterako eskubide urratu izanaren gainean, Eusko Alkartasuneko legebiltzarkideak azaldu du "San Juanek zitazioari erantzun ez zionez eta aurkakorik esan ez zuenez, bere izen-abizenak ezagutzera eman zituztela". Argazkian, Leioako udaletxea / © Leioa.net.