Karmelo Landa: "Akordioetara gonbidatu"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 17a, 20:58
[ © Karmelo Landa - Berria.info] Eztabaida antzu eta aurretiaz galdu batera bultzatu gaituzte azken astean, ETAren agiriaren ez-nahikotasun semantikoaz hitz eginez orduak eta orduak alferrik galtzera. Alferrikako eztabaida, sakoneko posizioak inoiz baino argiago daudenean. Mamia ezkutatzeko elikatu dute ika-mika hori, baina muina beste hau da: ETAren agirian nabarmentzen diren konpromisoei bidea emanez gero, eta azken hilabeteotan gurean garatzen ari den prozesuaren ildo beretik, gatazka armatuaren behin betirako amaiera eta konfrontazio demokratikorako eszenatoki baketsu berria lortuko dira, dudarik gabe. Guztiontzat onuragarri izango da era horretako aldaketa, baina une honetan indarrean diren Estatu-botere batzuek ez dute batere komenigarri ikusten irtenbide hori. Horregatik nahasten dute eztabaida publikoa, benetako gakoak ezkutatuz eta gauzen ulermena ilunduz.
Arrazoi demokratikoaren indarra prozesu honen alde dago, baina Estatuko botereak ahalegintzen dira hori ezkutatzen, argudio ez-logiko ahulak aurkeztuz, zarata handiz baina. Ezin dela prezio politikorik ordaindu diote, ez aukera politikoei buruz, baizik eta oinarrizko eskubideak errespetatzeaz ari garenean. Legea betetzea, paradoxaz, legez kanporatzeko argudiotzat erabili nahi dute orain. Era horretako absurdoei kategoria konstituzionala eman nahian, Konstituzioaren aita-amak iratzartu eta egunkari zein telebista guztietara bidaltzen dituzte, zuzenbidearen teoria «utilitaristak» aldarrikatzera, esanaz euskaldunok gaur ditugun eskubide guztiak Espainiako zein Frantziako Konstituzioetan jaioak direla, eta horietatik kanpo ez dagoela guretzat inolako eskubiderik. Bide horretan guztiz harrotuta, txandako gobernuaren administraziopean jarri nahi dituzte herritarron eskubide guztiak, eta hala agertzen zaizkigu gaur hemengo Barne-kontseilaria eta bihar hango Barne-ministroa, hauteskundeetara nor joango den eta nor ez den joango beren kabuz erabakiz.

Jarrera eta eztabaida petralak dira horiek guztiak, eta euskaldunok ez ginateke itsu-itsuan halakoetara sartu beharko. Beraiek markatutako eremu horretan eta agenda horrekin ez dago argitasunik lortzerik. Arrazoiz eta metodoz jokatu behar dugu, beraz, une honetan. Lehenengo eta behin, euskal jendartean kokatu beharko genuke foro nagusia. Foro ireki eta zabala behar du izan, alderdi eta korronteak baino urrunago eta gainetik kokatzen dena. Nazio mailako akordioak lortu behar ditugu datorren eszenatoki berria diseinatzerako orduan. Estatuek derrigor errespetatu beharko dituzten arau demokratikoak adostu gure artean. Ez dago horretan, egia esan, gauza handirik asmatu beharrik. Izan ere, azken mende erdian Nazioarteko Komunitateak garatu duen giza eskubideen zein eskubide zibil eta politikoen arautegia oso zehatz eta aurreratua da, eta erreferentzia ezin hobea zaigu, legitimazio iturri nagusia izateaz gain. Ez zaigu zaila izango, beraz, frogatzen gure eskubideak ez direla Madrilen edo Parisen atzo jaioak eta ez daudela haien menpe.

ETAren agiriaren ondotik zabaldu den nahaste-borraste semantikoaren txaparrada atertzen denean ikusiko dugu paisaia jada aldatu egin dela, gauzak ez direla gehiago izango lehengo moduan, besteak beste horrek guztiak dakarren aldaketak biluztu egin duelako Estatu bien jarrera sakona, Euskal Herriaren garapen naturalari traba egiten diona. Estatu biek euskaldunekiko gaur agertzen duten disfuntzio egiturala hain da astuna eta sakona, ze ez dira gauza euskaldunoi inolako etorkizun-eskaintza erakargarririk egiteko, ez eta gure arteko posibilistenek aintzat hartzeko modukorik. Dinamismoa eta irekiera, aldiz, euskal jendartean nabarmentzen dira une honetan, eta foroak antolatzeko baita akordio eta oinarrizko konpromisoak hartzeko gauza bagara, etorkizun eskaintza berri eta erakargarriak azalduko dira gure aurrean, zalantzarik gabe. Eta horixe da, hain zuzen ere, une honetan gure herriak behar duena: etorkizuna baikortasunez begiratu ahal izateko eskaintza berriak.

Une honetan euskal jendartean akordio aurre-politikoak lortu behar ditugu, politika guztiak era baketsuan garatu ahal izateko eszenatoki berria bermatuko duten akordioak, alegia. Ez da hori alderdi baten edo bestearen premia partikularra, euskaldun guztion beharra baizik. Ulertu behar dugu orain aukera politiko guztien legeztatzea eskatzen denean, euskaldun guztion etorkizun librea ziurtatzeko baldintza eskatzen ari garela. Itun sozial zabal baten premian gaude orain, eta bide horretan emandako urrats gisa ulertu behar dugu, zuzen ulertzekotan, ETAren azken agirian agertzen dena eta, modu zabalagoan, azken urte luzean gurean garatzen ari den prozesu esperantzagarri hau.

Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko irakasleak larunbatean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun