Galara 350tik gora lagun hurbildu ziren eta bertan "giro maitagarria" nagusitu zen. Ekitaldia hasterakoan, kirola egitearen aldeko berbak bota zituen Imanol Landa alkateak: “Kirola egiten dugu gustuko dugulako, bizi-kalitatea delako, gozatzen dugulako kirola eginez, ondo pasatzen dugu eta bete-bete egiten gaitu. Zoragarria eta dibertigarria da, osasungarria ere. Gure udalerria, gure adiskideak, gu geu ezagutu eta alaiago bizitzea bermatzen digu kirolak, gizarte-sarea sendotuz, eta norberaren barrutik hoberena ateratzeko gaitasuna duelako”, esan zuen agintari getxoztarrak. Horrek gogora ekarri zuen, era berean, "Getxok aukera asko eta asko" eskaintzen dituela kirola egiteko, udalerrian, "kirol ekipamenduei dagokienez, eskaintza handia edukitzeaz gain, desiragarriak diren leku natural eta hiri-gune sorta zabala ere duelako".
Beste sari batzuk
Banakako atalean saritutako aipatu kirolariez gain, oraingo honetan Aparteko Saria eman zioten Iñigo Ortiz de Mendibil kulturista beteranoari. Gizonen, mutilen, emakumeen eta nesken talderik onenen sariak, berriz, Galea Futbol Taldeak, Getxo Arraun Taldeak (haurren 4 scull modalitatea), Getxo Errugbi Taldeak eta Bizkerre Futbol Taldeak (haurrak) jaso zituzten. Sari berezien atalari dagokionez, “Marka Hautsiz” (kirol egokitua) Jon Santacana eskiatzailearentzat izan zen; “Kiroltasuna” saria (ibilbidea) Iñigo Mentxakak jaso zuen, txirrindularitzari emandakoagatik; “Getxo Berrituz” (berrikuntza) Carlos Sergiok, Getxo Kirolak udal erakundearentzat garatutako Eskola Kirol Plana dela eta; “Getxo Zabala” (altruismo saria) Miguel Martinezek hartu zuen, Arenas Cluben egindako lanagatik; eta “Aitzindariak” izenekoa Elvira Larrazabalentzat izan zen, golfeko mitoa baita.
Getxo Sasoi Sasoian ekimeneko argazkiak, Getxoko Udala (©) eta ukberri.net-en (cc-by) eskutik: