Areetako Andres Isasi Udal Musika Eskolak “Neguko bidaia” kontzertu-solasaldien hirugarren edizioa antolatu du; pertsona baten gidaritzapean, ganbara-musikatik ibilbidea egitea proposatzen duen ekimena, alegia. Aurreko edizioetan bezala, musika saioen iraupena ordubetekoa izango da gutxi gora behera eta, hasi baino lehen zein amaitutakoan, solasalditxo bana izango da. Entzuleek parte hartu ahal izango dute, errezitaldiari buruzko iritziak emanez eta galderak eginez. Lehenengo kontzertua ostiral honetan, urtarrilak 21, izango da Khantoria taldearen eskutik. Bere helburua obra barrokoak eskaintzea da eta Ander Barrojalbizek (biolin barrokoa), Maider Lopezek (biola barrokoa) eta Virginia Gonzalok (klabezin eta organoa) osatzen dute. Saio guztiak Andres Isasi Musika Eskolako auditorioan izango dira, 19:15ean hasita, eta sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da. Argazkia: cc-by-nc-sa Agirregabiria.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!