Eusko Jaurlaritzak 15 udal jarduera onenen lana aitortu du ingurumen arloan eta horien artean dago Bizimeta Uribe Kostako Mankomunitateko bizikleta mailegu zerbitzua, tokiko arduradunek zabaldu dutenez. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak publikatutako txostenak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalek jasangarritasunaren alde egunero burutzen duten lana goraipatzen du. Pilar Unzalu sailburuak azpimarratu duenez, ekintza guztiak dira “jarraitu beharreko adibide klima aldaketaren aurkako borrokan eta, lanean jarraitzeko eta jasangarritasunaren bidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko eragingarri dira”. Bizimeta, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak abian jarritako bizikleta bidezko garraio zerbitzu publikoa da. "Estatuko garraio publikoaren sare barruan dagoen lehen bizikleta mailegu zerbitzua da, hain zuzen", erakunde publiko horretako arduradunek aipatu dutenez. Bizikleta mailegu zerbitzua 2009ko uztailean abiarazi zuten, mankomunitate osoan banatutako 13 bizikleta-gune jarrita. 2010ean, bost toki berri ipini zituzten. Hortaz, 18 gune daude denera, gaur egun. Argazkian, 2010eko uztailean urtebete egin zuen Bizimeta zerbitzuak / © Sopelako Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!