Bilboko Arriaga antzokian izango den ekitaldiak emango dio hasiera larunbat honetan, urtarrilak 22,
Bilboko gay-lesbo-trans zortzigarren nazioarteko zinemaldiari. Hilaren 30era bitartean, 72 lan lehiatuko dira, iaz baino 21 gehiago. Ohorezko Zinegoak saria, berriz, Agustin Almodovar eta Ester Garcia El Deseo ekoiztetxeko arduradunek jasoko dute. Uribe Kosta eskualdera ere helduko da Zinegoak 2011, otsailaren 1etik 3ra bitartean. Behin Bilboko saioak bukatuta, Hego Euskal Herriko hainbat udalerrietan eskaini ohi dituzte zinemaldira aurkeztutako filmetako batzuk. Gurean, Algorta eta Leioan izango dira emanaldiak. Horrenbestez, aipatu asteartean, "Que el mundo sepa de mi" film laburra (eduki lesbiko handia) eta "Sasa" film luzea (gay eduki handia) egingo dira ikusgai, 20:00etatik aurrera, Villamonteko kultur etxean. Azken hori jatorrizko bertsioan (alemana, serbo-kroaziera eta bosniera), espainolezko azpitituluekin. Hurrengo bi saioak, berriz, Kultur Leioan izango dira, ordu berean. Hilaren 2an, "Goddak mit navn er lasbick" dokumentala proiektatuko dute danieraz, espainolezko azpitituluekin, "Me gustaria estar enamorada... a veces me siento tan sola" film laburrarekin batera. Biak ala biak eduki lesbiko handikoak. Hilaren 3an, berriz, gay film labur sorta eskainiko dute. Argazkian, Imanol Landa alkate getxoztarra, Zinegoak zinemaldiaren zuzendari Roberto Gastonekin iaz / © Getxo.net.