"Ezbeharraren nondik norakoak eta egiten ari diren ikerketak kontuan hartuta, ondokoak izan daitezke gertaeraren zergatiak: Bizkaiko Zubiak segurtasun neurri egokirik ez izateak", adierazi dute mutilaren senide eta lagunek. Azterketa lanak egiteko, transbordadorea gelditu beharko dute Areeta parean, Bizkaiko Zubiak beharrezko segurtasun neurriak betetzen dituen ala ez egiaztatzeko. Izan ere, Mikel Uriarteren gertukoen ustez, Bizkaiko Zubiak "ez du inolako segurtasun arautegirik betetzen" eta ezbeharrak saihesteko neurriak "zaharkituta" daude. Besteak beste, hiru lirateke arazoak: "batetik, transbordadorearen zorua egurrezkoa denez, euria ari denean labain egiten dute ibilgailuek. Bestalde, aurreko eta atzeko heziek ez daukate segurtasun kisketarik. Azkenik, egungo langa edergarria baino ez da". Stop Accidentes eta trafiko istripuak ikertzeko Espainiako AEIAT elkartearen laguntzaz, Bizkaiko Zubian bertan sinadurak batzen ere ibili dira zendutako mutilaren adiskideak. Transbordador de Bizkaia SL enpresari dagokionez, ez dirudi hartutako erabakiaren gaineko azalpenik eman gura dutenik nagusiek. Bizkaiko Zubira deituta, tokiko arduradunak "bilduta" zeudela eta "noiz amaituko zuten ez zekiela" adierazi dio UKBERRI.NETi bertoko langile batek. Nahiz eta kontaktuan jartzeko aukerarik eman, horretarako ahaleginik ez dute egin enpresako buruek.
Ikusi gainontzeko argazkiak: