Alkate getxoztarraren hitzetan (mp3), "aitortza horrek aipatu gertaera historiko horiek inoiz gehiago jazo ez daitezen balioko du; baita giza eskubideekiko begirunea, demokrazia, askatasuna, elkartasuna eta bakearen eta bizikidetzaren kultura bere oraingo eta etorkizuneko garapen eta aurrerapenerako oinarrizko zutabe izango dituen gizartea osatzen laguntzeko ere". Landak "poztasun bikoitza" agertu du (mp3), “lehenik, gure herrialdeko historiako gertaera beltz eta mingarri horien biktimen errealitatea ahaztuta ez geratzeko bidea hasten ari garelako. Eta bigarren, Udaleko Bozeramaleen Batzordean, biktimei guztion esker ona egiteko adostasunean, adiskidetzean eta erantzukizun historikoan oinarrituta denon arteko lanaren bigarren emaitza edo adierazpena delako ekitaldi hau. Terrorismoaren biktimei eskainitako omenaldian ere bere adierazpena eduki zuen lan horrek”.
Eskultura eta egilea
Eskulturak 3 metroko luzera, 1,60 metroko zabalera, 2 metroko garaiera eta 6.000 kiloko pisua izango ditu. Galeako pasealekuko lorategi batean kokatuko dute, Aixerrotako errotatik berrehun bat metrotara. Bere egileak azaldu du harria, burdina eta egurra lantzen dituela beti: “lan honetan harriak liburuaren forma du. Burdina eta egurra inskribatutako oharrak lirateke: burdinak euren ideiak defendatzeko borrokatu zutenen indarra irudikatzen du eta egurrak sentimenduak”, aipatu duenez (mp3). Lertxundik gaineratu du (mp3) normalean ez dituela oroimenezko eskulturak egiten, "baina nire aita frankismoaren biktima ere izan zenez, berarentzat eta beste askorentzat omenalditxoa izan zitekeela pentsatu nuen”.
Mikel Lertxundi Berriatuan jaio zen 1951an. Eskultura hizkuntza berezia du, argia eta zuzena, hitz egiten duena, baina batez ere bere materialei eta elementuei hitz egiten uzten duena, bere izaeratik eta jarreragatik. Aipatu lagunak egindako eskultura publikoak eta paisaian egindakoak Euskal Herriko hainbat tokitan ikus daitezke; baita Renon (AEB) eta Hampshire-n (Ingalaterra) ere. Egileak Espainiako hainbat erakusketa indibidualetan eta kolektibotan parte hartu du eta sari batzuk jaso ditu. Halaber, bere eskulturak zenbait erakunde eta euskal museotan daude ikusgai; baita Florentzian (Italia) eta Pforzheim-en (Alemania) ere.
Ikusi gainontzeko argazkiak: