Matematiken olinpiadari dagokionez, hiru problema ebatzi beharko dituzte goizean (9:30etik aurrera) eta beste hiru arratsaldean (15:00etatik aurrera). Saio bakoitzean hiru ordu izango dituzte horiek ebazteko. Probak euskaraz edo espainolez egin daitezke, eta idazteko eta marrazteko tresnak baino ezin dira erabili, hau da, kalkulagailuak, liburuak, taulak eta bestelako dokumentuak debekatuta daude. Lehenengoak 380 euro jasoko ditu; bigarrenak, 285 euro; eta hirugarrenak, 220 euro. Gainera, hirurak Espainia mailako fasera igaroko dira, nahiz eta hori Iruñean izango den, martxoaren 24tik 27ra bitartean. Bigarren fase horretan lehenengo sei sailkatuei urrezko domina eta 750na euro emango dizkiete, eta gainera nazioarteko talde olinpikora pasatuko dira, Nazioarteko 52. Matematika Olinpiadan lehiatzeko, uztailean, Amsterdamen. EHUk, ohi bezala, lehiaketa prestatzeko tailer bat antolatu du.
Bitartean, Geologiako Olinpiadan 2010-2011 ikasturtean Batxilergoan matrikulaturik dauden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasle guztiek parte har dezakete. Batxilergoan Geologian ematen den gai-zerrenda kontuan izanda bi proba burutu beharko dituzte, bata teorikoa eta bestea praktikoa zeinetan arroka, mineral eta fosilak identifikatu beharko dituzten. Lehengo lauek Madrilen martxoaren 26an egingo den Espainiako bigarren Olinpiada Geologikoan parte hartuko dute.