Martxoaren amaiera aldera hasiko dira Algortako Portu Zaharreko zabalgunea eta, horren parean, pasealeku moduan erabiltzen den oinezkoentzako gunea hobetu eta egokitzeko lanak. Egitasmoaren aurrekontua 400.000 euro ingurukoa izango da eta obrak amaitzeko epea pare bat hilabetekoa, Imanol Landa Getxoko alkateak eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak gaur aurreratu dutenez. Udal agintariak zehaztu duenez, "etorkizunean bertan zer izango den erabaki ez bada ere, ezin genuen dagoen egoeran utzi, behin betiko erabaki hori hartu arte". Guztira, 10.000 metro koadroko esparruan egingo dituzte lanak. Zabalguneari dagokionez, 7.500 metro koadroko azalera du, hau da, eremu osoaren %75. Berdegunea izango da bertan, lorategi ingelesaren erako soropila jarri eta 30 bat zuhaitz landatuko baitituzte. Horretaz gain, hogei argi berri inguru ipini eta inguruan dauden eserlekuak berrituko dituzte, Ereaga eta Portu Zaharra artean dagoen pasealekuari jarraipen estetikoa emanez. Argazkian, gaurko prentsaurrekoa.