Sega egoki jartzeko eta hura zorrozteko metodoak bildu ditu DVD banatan EHUko tesi-egile batek

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) tesi-egile batek sega egoki jartzeko eta hura zorrozteko metodoak bildu ditu DVD banatan. Gipuzkoako sega-jokoaren bilakaera ikertu du Xabier Etxeparek, eta segalariak baserritar izatetik kirolari izatera igaro direla azaldu du, EHUko iturriek adierazi dutenez. Etxepareren tesiaren arabera, baserriak eta sega-jokoak bilakaera paraleloa izan dute. Sega baserriko erreminta garrantzitsua zenean aritu zen baserritar gehien sega-jokoan, eta 1980ko hamarkadaren hasieran jo zuten goia apustuek. Baserriko produkzio-sistema modernizatzearekin batera, ordea, behera egin zuen segaren erabilerak nekazaritzan, bai eta, horrekin batera, sega-jokoan jarduten zuten nekazarien kopuruak ere. Ondorioz, gaur egungo segalariek ez dute zerikusi handirik garai batekoekin: jada ez dira baserritarrak, berariaz jarduera horretan lehiatzeko trebatzen diren kirolariak baizik. Argazkian, Xabier Etxepare tesi-egilea / © EHU.

Horixe azpimarratu du Xabier Etxepare Gorputz Heziketako irakasleak EHUn aurkeztu duen doktore-tesian: "Segalaritzaren bilakaera 1955etik 2005era Gipuzkoan: orduko eta gaurko segalariak". Sega-jokoaren aro modernoa ikertu du eta, besteak beste, datuak bildu ditu, gal ez daitezen, herri-kirol horrek desagertzeko arriskua duela iritzita. Horri lotuta, bi DVD filmatu ditu Etxeparek tesian: sega egoki jartzeari buruzko bat eta sega ondo zorrozteari buruzko beste bat. Ikerketa burutzeko, elkarrizketa sakonak izan ditu Etxeparek informazio-iturri nagusi. 32 elkarrizketa egin ditu guztira, eta 1955 eta 2005 bitartean era batean edo bestean sega-jokoari lotutako pertsonak izan dira elkarrizketatuak. Iturri osagarri gisa, urte horietako probetako aktak eta egunkarietako albisteak izan ditu aztergai.

Sega baserrietatik desagertuta eta kirol huts bihurtuta, segalarien egoera eta ezaugarriak erabat aldatu direla ondorioztatu du Etxeparek. Hala, gaur egungo segalarietako asko kalekumeak dira, eta ez baserritarrak. Horrenbestez, segan etxean bertan ikastetik kanpoan ikastera igaro dira, eta lehenengo aldiz sega-jokoan parte hartzerako hamar urteko esperientzia izatetik, urtebetekoa edo bikoa izatera. Bestalde, garai batean sega-jokoa apustuetan oinarritzen zela ikusi du tesi-egileak, eta orain, ordea, txapelketak direla abiaburua.

Ez dakite sega zorrozten

Aldaketa horiek hainbat arazo ekarri dituzte sega-jokora, eta arazo horiei erantzuteko, araudia etengabe egokitu eta eguneratu behar izan da. Arazook zerrendatu ditu Etxeparek tesian. Nabarmentzekoa da gaur egungo segalariek erremintari eta hura doitzeari dagokionez dituzten zailtasunak. Hasteko, segarik onenak Patricio Etxeberria lantegian ekoizten zirela azaldu du, eta 1985az geroztik ez dituzte gehiago ekoitzi, ez eta saldu ere. Gainera, tesi-egileak dio gaur egungo segalari gazteak ez direla trebeak sega zorrozten eta pikatzen, eta, oraingoz arazoari aurre egin bazaio ere (txapelketetan guztien zorroztaile-lanak egiten dituen pertsona bat baitago), nabarmendu du zorroztaileak adinekoak direla, eta ez dagoela erreleborik.

Beste hainbeste gertatzen da sega egoki jartzeari dagokionez, gaur egun sega-jartzaile bakarra baitabil lan horretan txapelketetan. Horregatik, batzuen eta besteen ondareari eusteko, bi DVD filmatu ditu Etxeparek tesian: lehena, 55 minutukoa, aipaturiko sega-jartzaileak baliatzen dituen teknikak biltzen dituena; eta bigarrena, 18 minutukoa, sega pikatzeko eta zorrozteko teknikei eskainia.

Beste hainbat gabezia ere aipatzen dira tesian, hala nola entrenatzeko belardirik eza, koadrila egokia biltzeko zailtasunak, proba gutxi eta lehiakideen arteko alde handia. Duela 50 urte behar horiek guztiak baserriak berak asebetetzen zituela azpimarratu du Etxeparek, eta, hango lana ordezkatzeko eta arazook konpontzeko, etorkizunera begira klub baten beharra dagoela azpimarratu du. Hori dela eta, Almitza Sega Elkartearen lana goraipatu du (gisa honetako lehen elkartea da, eta sega-eskolak ematen ditu, besteak beste).

Xabier Etxepare Garin (Irun, 1965) Gorputz Heziketan lizentziatua da. Luis Maria Zulaika Isasti eta Julen Idarreta Galarraga EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakasleen zuzendaritzapean idatzi du tesia, eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean aurkeztu du. Tesia egiteko, elkarlanean aritu da herri-kiroletako federazioekin. Gaur egun, Gorputz Heziketako irakaslea da Etxepare, Bigarren Mailako Hezkuntzan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun