Gazte Asanblada Sopeloztarra: "Urtarrilak 27, greba orokorra! Gure etorkizuna borrokatzen!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 25a, 14:04
Otsailaren 5ean Zapaterok pentsioetako arautegian aldaketa bortitz batzuk egingo ditu. Gaur eguneko erretiro urtea 2 urte beranduagotuko du, hau da, 65 urtetik 67 urtera pasako da. Gainera, urte horietara heltzean egungo kotizatu beharreko urteak ere beste bi urte gehiagotuko dira, 37 urte kotizatu beharko ditugu 67 urterekin pentsio publikoak kobratzeko. Eta, 65 urterekin jubilatu nahi direnak 41 urte eduki beharko dituzte kotizatuta, hau da, 24 urterekin lanean hasi eta 65 urtera arte eten gabe lanean aritu. Eta hau gutxi balitz, gure pentsioaren kantitatea kotizatutako azken 15 urteekin kalkulatzen bazuten, hemendik aurrera kotizatutako azken 25 urteekin kalkulatuko da. Argazkian, ekainaren 29ko eskualde manifestazioa Sopelan.
Gazte Asanblada Sopeloztarrak PSOEk egin nahi dituen aldaketa hauek eskubide murrizketa bezala ikusten ditu. Nahiz eta gure erretiroa urrun ikusi, beharrezkoa ikusten dugu gure etorkizunaren alde borrokatzea. Bat egiten dugu beraz, langileriaren borrokarekin, gutxienezko eskubide hauek errespeta daitezen.

Krisi ekonomiko garaietan, krisia sortu ez dugunok pairatzen ditugu ondorioak eta honi aurre egiteko, datorren urtarrilaren 27an egongo den greba orokorrera eta baita 27a baino lehen egingo diren ekintza guztietara batzera deitzen zaituztegu, gure etorkizuna eraiki behar dugulako eta krisialdia beraiek ordaindu behar dutelako.

Urtarrilak 27, Sopelako gazteok ere grebara!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun