Xehetasun gehiago eman dituzte langile erakunde abertzalearen arduradunek. Metro Bilbaoren kasuan, bi lan eskaintza omen daude, bata barne mailakoa eta bestea kanpo deialdia, eta horietan "ez da euskararen jakintza exijitzen". Zehazki Erosketa eta Kontratazio zein Marketing buruzagitzarako eskaintzak lirateke horiek. "Beraz, ezin izango da hornitzaile eta bezeroekin euskara bidezko harreman normalizaturik bermatu, aipatu sailen arduradunak ez baldin badira euskaldunak", kritikatu du LABek. Bestalde, EuskoTrenen indarrean ei da tranbia gidari, autobus gidari, mekanikari-pneumatiko eta elektriko-elektroniko lan poltsak osatzeko deialdia, eta "oinarrietan ez da, Euskara Planak zehazten duen bezala, euskararen ezagutzarik eskatzen".
Eskubide urraketa eta mespretxua
Horren guztiaren aurrean, LABek, Gasteizko Gobernuaren zein enpreson kudeatzaileen aurrean, "euskararen normalizazioan atzera urratsak" egiten ari direla nabarmendu nahi izan du, honako asmoekin: batetik, "hautaketa prozesuan iruzurra eta kontrola areagotzea, honek entxufismoa dakarrelarik". Bestalde, "zerbitzu publikoen erabiltzaileen eskubide urraketa" ematen ari dela uste dute langileen ordezkariek, baita "langileek euskaraz lan egiteko (euskara ikasteko eta lanean erabiltzeko) eta lan harremanak euskaraz garatzeko dituzten eskubideena" ere. Azkenik, "euskal hizkuntzarekiko eta bere normalizaziorako lanarekiko mespretxua sustatu" nahi dutela uste du LABek.
Euskaltzaleei deia
Sindikatu abertzaleak uste du deialdi hauek "ez direla legezkoak". Hori dela eta, bertan behera uzteko eskatu du, "Euskara Planen araberako deialdiak egin daitezen". Bestela, epaitegietara joko dutela ohartarazi dute. Era berean, LABek Gasteizko Gobernu eta enpresen kudeatzaileei dei egin die EuskoTren zein Metro Bilbaon egiten duten "hizkuntza politika alda dezaten". "Bestela antzematen den hizkuntza diskriminazio oro salatuko dugula aurreratzen dugu", aipatu dutenez. Azkenik, gizartea eta zehazki euskaltzaleak egoera hori salatzera deitu dituzte, "aipatutako bi enpresa publikoetan euskararen gaineko araudia betea izan dadin".